sábado, 2 de noviembre de 2013

Azken egunotako bisitariak

Astelehen eta asteazkeneko ekaitzek, aspaldiko partez ikusten ez genuen lagun bat ekarri zigun Plaiaundiko babeslekura, Mendebal-txori Mokolodia, hain zuzen ere. Urteak generamatzan gurean antzekorik ikusten ez genuela.

Mendebalde-txori Mokolodia - Falaropo Picogrueso - Grey Phalarope

Gaztea da gure bisitaria (1. neguko lumajea baitarama) eta, bere kide guztiak bezalaxe, ez da segundu bat ere geldirik egoten. Panpina baten malgukiari eragingo balioten, biraka eta biraka, aurrera eta atzera dabil egun osoa. Behar bada, Duracell pila horietakoak izango ditu.


Mendebalde-txori Mokolodia - Falaropo Picogrueso - Grey Phalarope

Ugalketa garaian Artikoan bizi dira, non emeak arrautzak errun ondoren arrari ardura guztia uzten dion eta ospa egiten duen. Jokabide hori hagitz bitxia da. Arrak arrautzak txitatzen ditu eta gero txitoen hazkuntzaz arduratzen da emeak hanka egiten duen bitartean.

Mendebalde-txori Mokolodia - Falaropo Picogrueso - Grey Phalarope

Espezie pelagikoa izanik, ez bada ugalketa garaian, oso gutxitan lurreratzen da. Denbora gehiena itsasoan ematen du, baina denborale txarrek babes bila lurrerantz bultzatzen ditu.

Mendebalde-txori Mokolodia - Falaropo Picogrueso - Grey Phalarope

Negua Afrikako hegoalde eta mendebaldeko Atlantiko itsasoan igaroko dute, udaberrian berriz ere Artikora bueltatzeko.

Mendebalde-txori Mokolodia - Falaropo Picogrueso - Grey Phalarope

Hegazti hau ez da oso haundia, 20-22 zm. besterik ez du izango, eta hego-luzera 36-41 zentimetro bitartekoa da.

Mendebalde-txori Mokolodia - Falaropo Picogrueso - Grey Phalarope

Mendebalde-txori Mokolodi hau hiru egun besterik ez darama Plaiaundin, baina bideo labur bat lapurtu diot. Bideoari espezie honek egiten dituen txioak gehitu dizkiot eta hona hemen emaitza:




Urriaren azken egunak beste noizbehinkako lagun bat ekarri digu, Zerra Ertaina. Iaz ere, Amuteko kanalean oso gertutik  ikus genezakeen bat izan genuen hemen, baina garai hartan oraindik argazki kamararik ez nuenez ez nuen nire bilduman jasota.

Zerra Ertaina - Serreta Mediana - Red-breasted Merganser

Ostegunean, Amuteko kanalean gora igotzeko prest zegoela ikusi genuen, baina aireportutik atera zen helikoptero batek barriro kanporantz uxatu zuen. Atzo berriz, badia arraunlariz josita zegoen eta Zerra ez zen kanalean sartzen ausartu. Beraz, atzoko argazkiak hobetzeko, gaur patxadaz hartu behar izan dugu hegazti honek kanalean barrena sartzeko gogoak izan dituen arte.

Zerra Ertaina - Serreta Mediana - Red-breasted Merganser


Ur sakonetan murgiltzea gustatzen zaionez, Plaiaundin geunden ikusleen atseginerako, itsasgoran Zerreta Ertaina Amuteko kanalean sartu da eta murgiltzeari utzi ondoren, denbora luzez, ur gainean gorputza garbitzen egon da.

Zerra Ertaina - Serreta Mediana - Red-breasted Merganser

Noiz behinka burua alde batera okertzen zuen, ez dakit gora edo behera begiratzeko, baina segur aski, harraparien beldur zegoenez, badaezpada, arreta handiz gora begiratzen zuen, edozein momentuan ziztu bizian ies egiteko prest.

Zerra Ertaina - Serreta Mediana - Red-breasted Merganser

Hemen daukazu Plaiaundiko Zerraren bideo bat: